Logo bilbao bbk live

BBK Fundazioarekin batera 2024ko ediziorako ingurumen- eta gizarte-arloetako jasangarritasun-neurriak aurkeztu ditugu

Gaur goizean, BBK Fundazioarekin batera 2024ko uztailaren 11n, 12an eta 13an izango den hurrengo ediziorako ingurumen-jasangarritasuneko ekintza-ildoak aurkeztu dituzte.

Jaialdiak eta Fundazioak elkarlanean ari dira, edizioz edizio, ekitaldiak ingurumenean duen eragina murrizteko eta gizartean, kulturan eta ekonomian duen eragin positiboa areagotzeko. Jasangarritasuna berrikuntzaren, sormenaren, baterako sorkuntzaren, gizarteratzearen eta parekidetasunaren ikuspegitik ezartzeko asmoz, hainbat ekintza abiarazi dituzte eremuaren, pertsonen, Bilbo hiriaren, Bizkaiko lurraldearen eta planetaren mesedetan.

Kobetamendiko gure eremua

Kobetamendiko parke naturala espazio pribilegiatua da, eta urtero egiten dugu bertan jaialdia. Helburu nagusia jaialdiak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izatea da, eta ekitaldiaren ondoren ingurumena ahalik eta azkarren leheneratzea. Hori dela eta, segidako hirugarren urtez, hobekuntzak egin ditugu lur-eremua egokitzeko, bai jaialdira etortzen direnentzat, baita bertakoentzat ere. Aurreikuspenen arabera, uraren kontsumoa % 40 bat murriztuko dugu, orain arte erabiltzen genuen hornidura higieniko-sanitarioa aldatu eta ura birzirkulatzeko sistema eraginkorragoa erabiltzen duen beste bat jarri dugulako.

Ba al zenekien plastiko guztia kendu dugula gure agertokietatik? Agertoki Nagusiak, egurrezko forramendua izango du. San Migel agertokia ezkata itxurako konposizio batekin apainduko da, zapakinez eta algaz egindako biomaterial bat erabilita. Piezak prestatzeko, San Miguel garagardoa egitean sortzen diren hondakinak alga-estraktuekin kozinatzen dira, eta biolarru jasangarri eta biodegradagarri bat sortzen da. Banan-banan egiten dira, eta ia 100 m2-ko azalera hartuko dute. Ezkatak fabrikatzeko prozesuak zero hondakin sortzen du; beraz, karbono-aztarna positiboa uzten du. Txiki agertokiaren aurrealdea Karrantzako ardiaren artilearekin egingo da; horrek esan nahi du 0 Km-ko material naturalak erabiliko direla, eta duela gutxira arte hondakin gisa tratatzen zen material horren garapenari laguntzen zaiola. Artile horrekin, jaialdia amaitutakoan, askotariko jantziak egingo dira. Eta, edizio guztietan bezala, ekitaldiaren ondoren eremuaren garbiketa hobetzeko ahalegin berezia egiten dugu, aurretik zegoen bezala uzteko, lehenbailehen egon dadin herritarrak bertara joateko moduan.

Protagonista nagusiak, pertsonak!

Pertsonak dira gure babesle nagusiak; horregatik, pertsonentzat programatzeaz gain, pertsonek jaialdian bizitzen duten esperientzia ahalik eta gogoangarriena izan dadin lortu nahi dugu, eta horrek gure konpromiso sozialaren partaide eginaraztearekin du zerikusia. Hauek dira xede oneko jaialdi hau batzen eta eraikitzen duten ekintzak:

  • Elikagaien Bankuari egindako dohaintza ekonomikoak finkatzea, Last Tourren xedeekin bat datozen proiektuetan.
  • Ortzadar puntua, LGTBIQ+ mugimenduari eta aniztasunaren alde eta kolektibo osoaren berdintasunaren borrokatzen duten kolektiboei buruzko informazioa emateko eta laguntzeko.
  • Hirugarren Sektoreko erakundeak jaialdira gonbidatzea, haien gizarteratze-lana indartzeko eta horren inguruan sentsibilizatzeko; Euskal Herriko Down Sindromea Fundazioarekin lankidetzan aritzea, dibertsitate funtzionala duten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko.
  • Puntu Morea, eraso sexisten eta jazarpenaren aurkako hainbat kanpaina instituzionalei atxikitzea, eta jaialdiaren segurtasun-planarekin bat datozen jardun- eta prestakuntza-protokoloak aktibatzea.
  • Mugikortasun urriko pertsonentzako plataformak etengabe hobetzea, arreta emateko eta garraio egokituko zerbitzuak eskainita.
  • Jaki osasungarriak eskaintzeko zerbitzuak, aukera begetarianoak eta beganoak izanik, baita glutenik gabekoak ere, intolerantzia zeliakoa dutenentzat.
  • Erosketa-politika berdea eta soziala pixkanaka ezartzea, barruan eta hornitzaileekin.
  • Cashless sistema erabiltzea prozesuak optimizatzeko eta jaialdian ordainketak errazteko.
  • Gure BCorp ziurtapenak ekarritako hobekuntza-prozesuarekin lotutako ekintzak erregistratzeko sistema bat ezartzea.

Bilbo handia, gure jaialdiaren hiria

Jaialdia hiriaren parte aktiboa da ekitaldiaren aurretik, ondoren eta ekitaldian zehar. Jaialdiaren helburua komunitatearen ekonomiari laguntza eta babesa ematea da, baita kultur panorama aberastea ere, aliantza-ekosistema bat sortuta.

Jaialdia Kobetamendiren ondoko Altamira, San Gabriel eta Monte Caramelo auzoetako auzo-elkarteekin lankidetzan aritzen da. Auzoetako ostalaritza-lokal guztiekin inplikatzea bilatzen da. Urrian Pucheraseko Altamira auzoetako jaietan eta irailean San Gabriel auzokoetan ere aritzen gara elkarlanean, artistak ekarrita.

Bilbao BBK Live jaialdiaren barruan HIRIAN ekimena izan zen ekainaren 1ean, Errekalde auzoan; hartara, Kobetamendiko kokagunetik eta egunetatik haratagoko proiekzioa lortzen dugu. Industrias Creativas fundazioak Bilbao BBK Live jaialdiaren batera sortu du Hirian proiektua, musikarekin, kulturarekin eta aniztasunarekin konpromisoa aktibatzeko. Proiektu sozial horren xedea esperientzia paregabea sortzea da, jaialdiaren mugak gainditu eta aldaketa sozialaren katalizatzaile bihur dadin, herritar guztien partaidetza sustatuta eta eraginpeko komunitateari balioa ekarrita.

Bilbao BBK Live jaialdiaren 2011ko edizioaz geroztik, musika hiriguneko hainbat tokitan ere entzuten da jaialdiaren hiru egunetan, guztiontzako moduko kontzertu BEREZIAK programatuta, doan.

Lurralde bat eta Bizkaia horri eusteko

Bilbao BBK Live jaialdiari abegi ona egiten dion herri eta tradizio bat; kultur garapenarekin lotutako xede eta balioak, belaunaldiarteko ikuspegi askotarikoa eta inklusiboa elikatzen dutenak; azken batean, jasangarritasuna eta konpromisoa.

Ekainaren 15ean Sondikan egin genuen HERRIAN, jai-giroan, kultur ekitaldiak eta zuzeneko musika eskainita, doan.

Aurten, Basoa Bizi proiektua ere garatu dugu, Balmasedako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Basoa Fundazioak eta Bilbao BBK Live jaialdiak sustatua. Proiektuaren bitartez, gizarteari ikusarazi nahi zaio zein garrantzitsua den basoak zaintzea, baso-suteak prebenitzea eta 2022ko urrian suak kaltetutako eremua basoberritzeko lanetan laguntzea. BASOA BIZI proiektuan, ikasleek landaketak egin dituzte, hitzaldiak eta mendi-bisita gidatuak antolatu dira, eskolarako materiala eta sareetan zabaltzeko materiala sortu da, dekalogo bat idatzi da basoetako ekosistema ezagutzeko eta suteak prebenitzeko, eta karbono-aztarna neurtzeko eta konpentsatzeko zerbait prestatzen ari dira, besteak beste.

Bilbao BBK Live jaialdiko Txiki agertokian, artzain-tradizioari lotutako kultura- eta natura-ondarea zaintzeari eta hobetzeari emango zaio balioa; hain zuzen ere, Karrantzako ardi-artilearekin egindako hainbat produktu saldu eta ezagutaraziko dira. Produktu berria da merkatuan, eta kultura-jardunetik abiatutako kultura- eta gizarte-berrikuntzako estrategien adibide ezin hobea da.

Planeta bat eta bakarra, eta lur asko sustraitu eta bizitzeko

Ingurumena errespetatzen duten materialen erabilera, energia berriztagarria, mugikortasun jasangarria, hondakin gutxiago sortzea, isurketen konpentsazioa eta ingurumenaren gaineko sentsibilizazioa; horiek dira gunearen ardatzak.

Mugikortasuna garraio publiko eta antolatuaren erabilera sustatzearekin lotuta dago, ahalik eta ibilgailu gutxien erabil daitezen. Horregatik, edizioz edizio, etengabeko hobekuntza lantzen dugu garraio jasangarria sustatzeko, honako ekintza hauekin:

  • Jaialdiaren eremura oinez joateko Irteera Kobetamendi ekimena.
  • Logistika-jarduna garatzea jaialdiaren garraioan, ibilbide guztiak optimizatze aldera.
  • Kontratatutako autobusen kopurua optimizatzea, aurretiazko erreserba-sistema bat erabilita.
  • Bioerregaiaren erabilera orokorra jaialdiaren antolatzaileek eskainitako garraioan.

Energia-hornidura kolaborazioen eta aliantzen bitartez lantzen da, energia-efizientzia hobetzearren eta, hartara, erregai fosilekiko mendekotasuna murriztearren; aldi berean, neurketa eta dokumentazioa ere lantzen dira, pixkanaka hobekuntzak planteatuz.

Hauek dira nabarmentzeko moduko puntuak:

  • CO2 isurketak pixkanaka murriztea, jaialdia 0 isurketen testuinguru batera eramango duen trantsizio energetikoa bizkortzeko.
  • Sorgailuen kopurua eta erabilera optimizatzea, eta gutxiago kutsatzen duten azken belaunaldiko sorgailuak erabiltzea.
  • Energia-efizientziako neurriak, banaketa elektrikoa jaialdiaren une bakoitzean eta agertokietan dagoen eskariaren arabera optimizatzeko.

Energia-hornidura egokitzea, energia anitzeko aliatu batekin bidezko trantsizioa egiteko, erregistroa eta informazioa berrikuntzaren ikuspegitik lantzeko eta, horretarako, sorkuntza berriztagarriaren konbinazioa, metaketa, sarerako konexioa eta energia-arloko balio-kate osoko ohituren aldaketa aztertzea, eta eguzki-energiaren sistema modularrak eta energia eolikoa erabiltzea.

Hondakinen gaikako bereizketa sustatzea jaialdian ongi errotutako jarduna da, Bilboko Udalarekin batera hondakinak birziklatzeko eta murrizteko programak ezarrita. Erabilera bakarreko plastikoen erabilera ahalik eta gehien ezabatzea lortu nahi da neurrien bitartez.

Hona hemen ildo horretan hartutako zenbait neurri:

  • Edalontzi berrerabilgarri eta birziklagarrien sistema ezartzea eta etengabe hobetzea.
  • Edukiontziak jartzeko plana etengabe hobetzea, lehentasuna emanik barnean sortutako hondakinei eta hornitzaile guztiekin koordinatzeari, edukiontziak biltzeko planaren arduradunaren bitartez.
  • Barran eta jakiekin arituko diren langileak trebatzea hondakinak murrizten eta birziklatzen.
  • Garbiketako lantaldea trebatzea hondakinak eskuz eta gaika bereizteko; Koloretako poltsak eta poltsa gardenak erostea, ostalaritzarako hondakin motaren arabera.
  •  Jakien guneko hornitzaileen jarraipena eta trebakuntza, hondakinak behar bezala bereizteari erreparatuta.

Aurreko horiek bezain garrantzitsuak dira beste neurri batzuk ere, hala nola ikuspegi zirkularra aplikatzea, materialak berrerabiltzea funtsezko izanik.

Hona zenbait adibide: Errekaldeko El Fango futbol-zelaiko 10.000 m² belar artifizial berrerabiltzea; landare-itxiturak erabiltzea jaialdiaren perimetroaren zati handi batean, gero berrerabili eta/edo konpostatu ahal izateko; aurreko edizioetako seinale eta elementu eszenografikoen % 90 baino gehiago murriztea, bateratzea eta berrerabiltzea; agertokietan olana mikrozulatuen erabilera pixkanaka ezabatzea…

Urteko 360 egunetan egiten dugu lan jardun guztietan gardentasunari eusteko eta etengabe hobetzeko. Eta horren adierazgarri da Eusko Jaurlaritzako Ihoberen Erronka Garbia-Ekitaldi Jasangarria zigilua, eta, era berean, 2023az geroztik BCorp ziurtagiriaren estandarren pean ari gara lanean, maila gorena bermatuta ingurumen-inpaktuaren eta inpaktu sozialaren estandarretan.