Bilbao BBK Live eta BBK ingurumen-jasangarritasunaren alde elkartu dira eta bi ekimen berri jarri dituzte abian

San Mamesetik Kobetamendira mendi-irteera antolatu da, jaialdira joaten direnen artean mugikortasun jasangarria sustatzeko eta karbono-aztarna murrizteko

Bordalo II artista portugaldar ospetsuak, bere lanak zaborra eta hondakinak erabiliz sortzen dituenak, tamaina handiko otso bat irudikatuko du, ingurumen-kontzientziazioaren aldeko manifestu unibertsal gisa

BBK eta Bilbao BBK Live elkartu dira jaialdiaren edizio honetan iraunkortasun edo jasangarritasunaz kontzientziarazteko, bi ekimen berriren bidez: Kobetamendira mendi-irteera berria eta Bordalo II artista portugaldar ospetsuaren sorkuntza-lana.

Bi erakundeek ingurumen-jasangarritasuna sustatze aldera ekintzak bultzatzeko konpromisoa dutelako sortu da ekimena. Alde batetik, BBK-k ingurumenaren babesa eta gizarte-eredu jasangarriagoa bultzatzeko lan egiten du, horretarako natura babesteko eta ingurumen-sentsibilizaziorako proiektuak garatuz. Bestalde, Bilbao BBK Live erreferentea da jasangarritasunaren arloan, Erronka Garbia zigiluaren bidez aitortua, eta duela gutxi, jaialdiaren atzean dagoen enpresa sustatzailea BCorp komunitatean sartu da. Bertan, gizarte- eta ingurumen-jardunari, gardentasunari eta enpresa-erantzukizunari dagokienez estandar altuak betetzen dituzten eta ekonomia inklusibo, ekitatibo eta birsortzailerako mugimendu global baten buru diren enpresak aitortzen dira, mugimendu hori pertsona guztiei eta planetari mesede egiteko ekonomia globala eraldatzen ari delarik. Jaialdiak konpromiso sendoa du 2030 Agendarekin eta ingurumen-eragina murrizteko konponbideak bilatzearekin.

Ildo horretan, bi erakundeek bat egin dute bi proiektu kolektibo abian jartzeko: Kobetamendiko leku paregabea zaintzearen garrantzia gogoraraztea eta klima-aldaketaren aurka kontzientziarazi, sentsibilizatu eta jardutea.

Kobetamendira igoera

Kobetamendi Irteera, jaialdia 0 km-tik bizitzea. Ekimen honetan, bertaratzen direnek karbono-aztarna murrizten lagundu ahal izango dute, San Mamesetik jaialdiaren esparruraino dagoen 3 km-ko distantzia oinez eginez. Bai gaztetxoenek eta bai zaharrenek guztiek bideaz gozatu ahal izateko dago ibilbidea diseinatuta. Paraje paregabeaz, gora egin ahala hobetzen diren Bilboren bista edo ikuspegi zoragarriez, zuzeneko musikaz eta bide osoan zehar topatuko dituzten hainbat sorpresaz gozatu ahal izango dute parte-hartzaileek.

Bordalo II

Kutsatzeko arriskua eta ingurumena zaintzeko beharrizana dagoela gogoraraziko die tamaina handi-handiko otso batek bertaratutakoei. Portugalgo Arturo Bordalo aktibista eta aktibatzaile sozial ospetsuak, Bordalo II gisa ezagutuak,Kobetamendiko otsoa gehituko dio BIG TRASH ANIMALS bilduma artistikoari. Bertoko animaliak eta galtzeko arriskuan daudenak ere irudikatzen dituzten artelanak dira, material birziklatuak, topatutako eta berrerabilitako hondakinak eta objektuak erabiliz sortuak. Lan horien helburu nagusia munduko arazoetako batez ohartaraztea da: hondakinen ondoriozko kutsaduraz eta ingurumenean duten eragin negatiboaz, alegia. Horrela, jaialdiaren ikono den otso hau kontzientziazioaren aldeko manifestu edo adierazpen unibertsal bihurtzen da, artistak, jaialdiak eta BBK-k partekatzen duten helburua. Artistaren hitzetan, “lankidetza horrek zentzua du, jaialdiak ideiak trukatzeko, mezuak partekatzeko eta zure lana erakusteko plataforma handia direlako. Mezu ekologiko batekin artea ekartzea, hau da, hau guztia publikoari komunikatzeko modu bat da”. Bere lana Paris, San Frantzisko, Turin edo Sao Paulon ikus daiteke, baita Estonia, Tahiti edo bere jaioterria den Portugalen ere.

Aurkezpenean, Nora Sarasolak, BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariak,adierazi duenez, “BBK-k kulturaren sektorean berrikuntzaren eta garapenaren alde egiten duen apustua garapen jasangarriko plan baten eskutik baino ezin da joan, eta bertan parte-hartzaile guztiak ekitaldiaren fase bakoitzean inplikatzen jarraitu nahi dugu”. Bestalde, Paloma Ortek, jaialdiaren sustatzaile den Last Tour enpresako jasangarritasun-arduradunak,azpimarratu du “gaur aurkeztu diren Bordalo II eta Kobetamendira Irteera ekimenek ingurumen-orientazio argia dutela, eta bat datozela mugikortasun jasangarriaz sentsibilizatzeko eta hori sustatzeko helburuekin, betiere pertsonen, gure lurraldearen eta duela 16 urtetik Kobetamendi jaialdia hartzen duen ingurunearen onerako”.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *