Bilbao BBK Live jaialdiaren hamazazpigarren edizioa amaitu da Kobetamendin, inoiz baino berdeago

120.000 lagun baino gehiagok kontzertuez gozatu dute ostegunetik larunbatera bitartean, eta aurreko edizioko bertaratze marka hautsi dute

Edizio honetako artista-zerrendaren buruetako bat jasangarritasuna izan da, ingurumenaren aldeko konpromisoan erreferentziako jaialdia baita gurea, musika ingurunearekiko kontzientziarekin uztartuta

2024an itzuliko da jaialdia, eta uztailaren 11n, 12an eta 13an izango da, beti bezala, Kobetamendin

Bilbao BBK Live jaialdiak agur esan dio gaur Kobetamendiri, 17. edizio honetako hiru egunetan arrasto ahaztezina utzi ondoren bai ikus-entzuleengan, bai antolatzaileengan. Azken hiru egun hauetan, Kobetamendi mendi enblematikoa musikaren eta emozioen zirraraz beteriko epizentro bihurtu da. Lehen mailako programazioko kontzertuez gozatu dute Bilbao BBK Livek bildutako munduko txoko guztietako 120.000 pertsona baino gehiagok Kobetamendin eta Bereziak jaialdian. Osteguneko lehen minututik hasi, eta larunbateko azken minutura arte, esperientzia biribila izan da jaialdia, aniztasuna eremu guztietan ospatuta. Orain, Bilbao BBK Live jaialdiak agur esan digu hurrengo urtera arte, esker onez, ospakizun honetan parte hartu dugun guztiongan une magiko iraunkorren ondare hau utziz:

1. Naturan erabat murgildutako esparrua: aurtengoan ere, jaialdiko headliner nagusia Kobetamendi izan da, inoiz baino presentzia handiagoa izan baitu; izan ere, agertokiak paisaiarekin uztartu dira, landare naturalez apaindu direlako (kendu ostean, apaingarri horiek konposta egiteko erabiliko ditugu, Balmasedan erre ziren eremuak basoberritzeko), eta soinu-egiturak, argi-egiturak eta barrak altuera txikiagoan jarri direlako, ikuspen hobea izateko eta muinoari toki gehiago emateko agertoki nagusiaren parean, anfiteatro natural modura.

Foto por Sergio Albert 

2. Nazioarteko jaialdia: beste urte batez, ekitaldia unibertsala dela esan dezakegu, herrialde ugaritatik iritsi baita jendea: publikoaren % 35 nazioartekoa da, 75 herrialdetatik etorria, eta ordezkari gehien izan dituzten herrialdeak Erresuma Batua, Frantzia, Estatu Batuak, Alemania eta Italia izan dira. Nazioari erreparatuta, honako probintzia hauetatik etorri da jende gehien: Madril, Katalunia, Kantabria eta Valentziako Erkidegoa.

Foto por Sergio Albert 

3. Arctic Monkeys, Love of Lesbian eta IDLES taldeen kontzertu ahaztezinak izan dira larunbat honetan. Azken egunean, Sheffield-ekoen rock erritmoak eta The Car abestia nabarmendu dira, Love of Lesbian taldekoek argi utzi dute zergatik diren gaur egungo talde handienetako bat, eta IDLEStarrek jai-giro basatiena ekarri dute jaialdira.

4. Kobetamendi Irteerak harrera ona izan du, jaialdira iristeko modurik dibertigarriena eta jasangarriena izanik. Hiru kilometro eta 30 minutu daude San Mamesetik jaialdiaren esparrura, BBKk eta Bilbao BBK Live jaialdiak eskaini duten aukera berri berde honi esker; jaialdiko hiru egunetan, 3.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute ekimenean. Klima-aldaketaren gainean kontzientziatzea, sentsibilizatzea eta horren aurka egitea ez da sekula hain atsegingarri izan.

Foto por Sharon López 

5. Esperientzia gastronomikoa hobetu da, esparruan jateko gune berriak ipinita. Gunea nabarmen handitu denez, garagardotegiko plazatxo berezia sortu da, askotariko jakien postu ugarirekin. Puntu estrategiko horretatik, aukera gastronomikoak dastatzearekin batera jaialdiko eroaldia ikus zezaketen bertaratuek. Gainera, aurten ere, atsedengune bat egon da plazan, atseden hartu eta energiak berriz kargatzeko aukera izanik berriro ere jaialdian murgiltzeko.

Foto por Sergio Albert 

6. Jende guztiak du tokia Bilbao BBK Live jaialdian: zale leialenak, urtero-urtero etortzen direnak lehenengo ediziotik hasita; gazteenak, lehen aldiz etorri eta gozatu egiten dutenak; nazioarteko ikus-entzuleak, Kobetamendi eta inguru zoragarriak ezagututa liluratuta geratzen direnak; familiak, hasierako orduetan hurbiltzen direnak; edo kontzertuak mendi-magaletik ikusten dituztenak, eroso-eroso. Horiek guztiek osatzen dute jaialdi bilbotar honen historia berezia; aurten, gainera, sold out lortu da bonu guztietan.

Foto por Ancla Music Photo 

7. Errespetuz eta kontzientziazio-maila handiagoz jokatu du publikoak: aniztasuna izan da protagonista jaialdian; mota guztietako ikus-entzuleak bildu dira naturagune berean, eta jaialdi irekiagoa, berdeagoa eta garbiagoa izatea lortu dute. Ez da gorabehera larririk gertatu jaialdiak iraun duen hiru egunetan. Ikus-entzuleak ere izan dira partaide jaialdiak egiten dituen ekintza berezietan: sarrera bakoitzetik 3€ bideratzen dira 2022. urtean Enkarterriko Balmaseda herriko mendian izan zen sutearen ondorioak leuntzera; sobera geratzen diren elikagaiak Bizkaiko Elikagaien Bankuari ematen zaizkio dohaintzan; eta migratzaileekiko sentsibilizazioa eta babesa sustatzen dira Ongi Etorri Errefuxiatuak eta KoopSF34 bitartez. Eta, aurten ere, eraso sexistarik gabeko gunea izateko lan egin du jaialdiak, “EZ DA EZ” kanpainarekin, eta Maite-Jokoa programarekin bat egin du, aisialdian eta sexu-heziketan oinarrituta, harreman sanoak sustatze aldera.

Foto por Ancla Music Photo 

8.Artea izan da edizio honetako hari eroalea, Bordalo IIren otsoak gogorarazten baitzigun zein garrantzitsua den ingurumena eta ingurunea zaintzea, etorkizunari begira; edo aizkolariak  harri eta zur utzi zituen lehen eguneko ikus-entzuleak, autoa bitan zatitu zuenean Vicente Paredesen proiektu artistikoaren barruko performance batean. Artista horrek euskal kulturaren eta gizartearen idiosinkrasia aurkeztu du kolaborazio honetan, betiere bere ikuspegi berezitik begiratuta, SuperEuskadi proiektuan.

Foto por Vicente Paredes 

9. 18. edizioak badu hitzordua: jaialdiaren aurtengo edizioa amaitu da, baina hurrengo edizioaren datak iragar ditzakegu jada. Uda igaro arte itxaron beharko dugu artista-zerrendaren berri izateko, baina, bien bitartean, aurrera dezakegu Bilbao BBK Live jaialdia Kobetamendira itzuliko dela 2024ko uztailaren 11n, 12an eta 13an.

Foto por Sharon López 

10. Etengabe hobetzen ari den eta erabat eskertuta dagoen jaialdia. 3.000 langile dituen jaialdi batean, beti dago zer hobetu eta zer entzun. Bilbao BBK Live jaialdia bi mendiren bihotzean egiten den proiektu handia da; hori horrela izanik, mugikortasuna konplexu samarra izan daiteke, eguraldiak ere asko baldintzatzen du eta ekoizpen-lana erronka latza izatera irits daiteke. Ikus-entzuleen eskaera eta iradokizun guztiak entzun ditugu, eta hurrengo ediziorako kontuan izango ditugu. Eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen, jaialdia bizitzen eta gozatzen duten pertsona guztiei, partner eta babesle guztiei, egun hauetan gertatutakoaren berri mundu osoan zabaltzen lagundu diguten prentsako kideei, Kobetamendi auzoko herritarrei eta, noski, publikoari. Eskerrik asko, era berean, Bilboko Udalari, edizio hau egiteko ezinbestekoa izan baita bere laguntza.