escenario herrian

Bilbao BBK Live: Herrian ekimenaren bigarren edizioa Sondikan izango da ekainaren 15ean

Cala Vento, Chill Mafia, María Escarmiento, El Último Vecino eta beste talde asko jai-giroan eta doan

Jaialdiak zuzeneko musika eramango du Bizkaiko beste herri batzuetara, Industrias Creativas fundazioaren eta BBK fundazioaren eskutik

Europa osoko kultur proiektu garrantzitsuenetako bat izaki, Bilbao BBK Live jaialdiak kulturaren eta gizartearen tresna izan nahian jarraitzen du, jaio zen lurraldeko (Bizkaia) kultur proposamena aberaste aldera. Duela gutxi Hirian programazioa aurkeztu ostean, orain, Herrian ekimenaren bigarren edizioa aurkeztuko dugu gaur, BBKren eta Industrias Creativas fundazioaren eskutik. Ekainaren 15ean, Sondikako kaleak zuzeneko musikaz beteko dira, jaialdiaren atariko moduan, eta beste udalerri batzuk konektatuta doako kultur proposamenaren bitartez. Gainera, jaialdirako sarrerak prezio berezian erosi ahal izango dira, ekitaldian bertan.

Herrian kartela, 2024ko ekainaren 15ean

Herrian programaren barruan Sondikarako prestatu den programazioa gustu guztietarako modukoa da, gaur egungo proposamen fresko eta ezagunez beterik. Cala Vento indie-rock bikote kataluniarra 2016an sartu ziren musikaren panoraman, indartsu sartu ere, eta, harrezkero, etengabe egin dute aurrera, gaur egungo proiekturik erakargarrienetako bat bihurtzera iritsita. Chill Mafia Iruñeko kolektibo bat da, eta fenomeno sozial bihurtzera iritsi dira kideen jarrera lotsagabearekin, umorez eta pozoiz betetako letrekin eta askotariko eraginekin: 80ko hamarkadako punk musikarekin hasi, reggae, dub, reggaeton, hip hop estiloekin jarraitu eta, jakina, euskal kantu tradizionalekin bukatu. María Escarmiento nortasun handiko emakumea da; mainstreama ate-joka izan du artistak gau eta egun, baina beti eutsi dio underground espirituari eta, azken batean, nahi duena egiten du une oro. Operación Triunfo saiotik irten zelarik, bere karrera bideratzen hasi eta askotariko estiloen eskaintza heterogeneoa –baina ez loturarik gabea– lortu zuen. Gerard Alegrek hamar urte baino gehiago daramatza El Último Vecino proiektuaren buru izaten; aski denbora, beraz, bere musikak ezkutatzen duen egia zalantzagabea eta argia egiaztatzeko; bonba emozional bat, urrakortasunarekin eta hunkigarritasunarekin lotzen gaituen etengabeko bilakaera-prozesu baten ondorio.

Norbaitek GAZZI lehen aldiz eta itsu-itsuan entzuten badu, litekeena da Erresuma Batuko garaje batetik atera dela pentsatzea. Baina harrigarria den arren, Pablo Jiménez artista berria Jaéngo Linares herrikoa da, eta Burial edo Four Fet ditu erreferente. The Lizards Bartzelonako power hirukote bat da, soinu irmoa duena, Joan Jett, Motörhead edo Misfits taldeen eraginpean. Elektronika, distortsioa, gitarrak eta oihuak hain egoki lerrokatuta uztartzen dira, ezen Sal del Coche entzuten duzun lehen aldian berriro entzun nahi izango baituzu, abestien xehetasun guztiak aztertzeko. Korrontzi proiektua euskal herri-musikari ukitu modernoagoa eta garaikideagoa emateko asmoz sortu zen, baina betiere trikitixan, txalapartan edo albokan oinarritutako musikaren ikuspegitik; egun, ehunka jarraitzaile ditu. Alejok rock nafarretik bezainbeste edan du The Beatles edo The Rolling Stones taldeen diskografietatik, eta pasio hori guztia bere bakarkako ibilbidera ekarri du. Yogurinha Borova hainbeste gauza da batera, ezen hitz bat motz geratzen baita: abeslaria, aktorea, aktibista, drag queena… Pertsonaiaren atzean, Eduardo Gaviña Marañon dago, agertokira igotzean zeharo aldatzen den eta publikoa erremediorik gabe erakartzen duen artista.

Horietaz gain, Sondikako agertokietan beste artista hauek ere ikusi ahal izango ditugu: Suave, Bilboko abeslari eta konpositorea, Rusowsky edo Mori handiekin ibilitakoa; Sarria malagarra, espainieraz abestutako pop rockaren promesa handienetako bat; Alai DJ, ekoizle eta artista elektronikoa, Gaztea irratiko Maketa Lehiaketan Harrobi sariaren irabazlea; Xsakara rapero bermeotarra, Euskal Herrian berria den proposamenarekin.

Industrias Creativas fundazioak eta BBK fundazioak bat egitearen ondorioz sortu da Herrian ekimena, Bilbao BBK Live jaialdiak bezalaxe, musikarekin, kulturarekin eta aniztasunarekin konpromiso sendoa duten erakundeak direnez. Proiektu sozial horren xedea esperientzia paregabea sortzea da, jaialdiaren mugak gainditu eta aldaketa sozialaren katalizatzaile bihur dadin, herritar guztien partaidetza sustatuta eta eraginpeko komunitateari balioa ekarrita. Gainera, musika Bilboko mugez haratago konektatzeko asmoz dator Herrian ekimena, hiriburuko kultur ekitaldietara joateko erraztasun handirik izaten ez duten herrietara eramanda kultur eskaintza. Eta hori guztia, ekimen jasangarri eta irisgarri baten esparruan.

BBK

BBK eragile ekonomiko-finantzario soziala da; Bizkaiko ekonomia, hazkunde ekonomikoa eta enplegua sustatzen laguntzen du, inbertsioak eginez, eta Kutxabank da, besteak beste, horietan nagusia, banku horren kontroleko akzioduna den aldetik (akzioen % 57 ditu). Inbertsioetatik lortzen duen dibidenduarekin, Gizarte Ekintza finkatu eta bermatzen du, eta Estatuko Gizarte Ekintza handiena da biztanle bakoitzeko, eta bigarrena tamainari dagokionez. Gizarte Ekintza da fundazioaren izateko arrazoia; balio sozial eta ekonomiko jasangarria sortzen du bizkaitar guztien mesederako, inpaktu sozialaren maximizazioan oinarrituta.

Industrias Creativas fundazioa

Industrias Creativas fundazioa 2020an sortu zen, helburua kultura- eta sormen-industriak eraberritzea eta indartzea izanik, betiere kultura-esperientzian oinarrituta gizartea aldatzen laguntzeko. Last Tour sustapen-enpresaren enpresa-jarduera izaera sozial nabarmena duten ekimenetatik bereizteko beharrak ekarri zuen fundazioa sortzea, kultura- eta sormen-industrien sektorean berrikuntzarako, prestakuntzarako eta ekintzarako gune bat izatearren, eta gizartean eragina izateko bokazioarekin. Bost jarduera-ardatzen inguruan aritzen da kultura- eta sormen-industrien sektorean berrikuntza, profesionalizazioa eta errekonozimendua bultzatzeko ikerketaren, esperimentazioaren eta trebakuntzaren bitartez; gainera, dibulgazioko eta gizartean eragina duten jarduerak ere egiten ditugu.

Bilbao BBK Live

Bilbao BBK Live erreferentziako jaialdietako bat da iberiar penintsulan ez ezik, baita Europan ere; urtero egiten da uztailaren erdialdean, Euskal Herrian, eta nazioko eta nazioarteko artista ezagunenak biltzen ditu 12 bat agertokitan, natura-ingurune pribilegiatu batean.

HERRIAN
Larunbata, 2024ko ekainaren 15a
Sondika

ALAI / ALEJO / CALA VENTO / CHILL MAFIA / EL ÚLTIMO VECINO / GAZZI / KORRONTZI / MARÍA ESCARMIENTO / SAL DEL COCHE / SARRIA / SUAVE / THE LIZARDS / XSAKARA / YOGURINHA BOROVA


#herrian 

BILBAO BBK LIVE
2024ko uztailak 11, 12, 13
Kobetamendi, Bilbo
Salmenta hemen: bilbaobbklive.com eta Fever Up
#bilbaobbklive