Bilbao BBK Live jaialdiko lehen eguna: 15une, edizio honen magiaren aurrerapen

Florence + The Machine, The Chemical Brothers eta Amaia izan dira, besteak beste, Bilbao BBK Live jaialdiko lehen egun honetako protagonista

Bonuak eta larunbateko sarrerak agortuta, biharko azken sarrerak geratzen dira salgai

Hamazazpigarren edizio honen inaugurazioarekin, nazioarteko eta nazioko hogeita hamar talde baino gehiago bildu dira ostegun honetan Kobetamendin, eta emozioa, euforia eta gozamen hutsa nagusi izan diren egun honen soinu-banda bihurtu dira. Urtebeteko itxaronaldiaren ostean, publikoak ez ezik, artistek ere dena eman dute; energiaz beteriko 15 une hauek eskaini dizkigute, eta Bilbao BBK Live jaialdia iristeko irrikaz egotearen arrazoiak zein diren ederto gogorarazi digute.

1. Bereziak ekimenarekin abiarazi da jaialdia; andaluziar jatorriko Queralt Lahoz artista katalanak aho bete hortz utzi ditu Bilboko Kale Nagusian barrena zebiltzan bisitari eta begiluze guztiak, egunean zehar areagotu den giro elektrizatzailea sortuz.

Queralt Lahoz / Fotografía: Ancla Music Photo

2. Kobetamendi Irteerako txangozaleek energia eferbeszentea sortu dute jaialdira iristean; izan ere, aurten lehen aldiz, BBKk eta jaialdiak oinezko ibilaldia antolatu dute eta, zuzeneko musika eta animazioa lagun, San Mamesetik Kobetamendira iristeko 30 minutuko bidea mugikortasun jasangarriaren eta karbono-aztarna murriztearen aldeko festa bihurtu da.

Fotografía: Oscar L. Tejada 

3. Jaialdiko lehen dantza-saioak Sama Yax selectorarekin egin ditugu Basoako klubean; horren atzetik, L-R, Faxu, Txopet, Alex Sierra & Totidub, Formica, Colectivo Da Silva edo Eee Gee artistak aritu dira Kobetamendiko gainerako agertokietan.

Colectivo Da Silva / Fotografía: Ancla Music Photo 

4. Aizkolari batek auto bat bitan zatitu du performance harrigarri batean. Euskal folkloreko elementuak, hau da, aizkolari bat eta zanpantzarrak testuingurutik kanpo ikusi ditugu, Vicente Paredes artistaren SuperEuskadi proiektu artistikoaren adierazpen bizitzat. Ernesto Ezpeleta aizkolariak jaialdiaren edizio honetako oroitzapenik itzelenetako bat sortu du, herri-kirol hori muturreraino eramanda: aizkorak hartu eta auto bat erdibitu du.

Fotografía: Oscar L. Tejada 

5. Florence + The Machine taldearen kontzertua sorginkeria baten parekoa izan da, liluragarria, eta lotura ia espirituala sortu da ikus-entzuleekin, espero baino askoz ere hobea izan baita. Florence Welch buru duen talde britainiarra Nagusia agertokian aritu da, eta emozioz zipriztindutako une ahaztezina biziarazi digu, Shake It Out, Never Let Me Go edo Free ereserkiekin.

Florence + The Machine / Fotografía: Sergio Albert 

6. Amaiaren gertutasun lizunak toki berezi eta intimo bihurtu du Kobetamendi, publikoari abeslariaren unibertsoan sartzeko aukera emanez 60 minutuz.

Amaia / Fotografía: Sergio Albert 

7. Villano Antillanoren indarra eta ahalduntzea; dantza nagusi, energiaz eta aldarrikapenez beteriko ikuskizuna eskaini du artistak eta, bide batez, LGTBIQ+ komunitatearen gizarteratzea eta askatasunaren aldeko deia egin du.

Villano Antillano / Fotografía: Sharon López 

8. Bilbao BBK Live jaialdia belaunaldi guztiei zuzendutako jaialdia dela berretsi dugu gaur, ikus-entzule gazteak ere etorri baitira, Villano Antillano, Amaia edo Delaporte artistak, besteak beste, ikustera.

Fotografía: Sergio Albert 

9. Ilunabarra hiriari begira gozatzeko aukera izan dugu LASAI gunean Olivia bere set-a eskaintzen ari zen bitartean; tempo mantsoak, leuntasuna eta dotorezia bildu dira agertokian, jaialdiaren lehen eguneko lasaitasun-oasia izanik. Agertoki horretan aritu dira, besteak beste, Xamana Jones, Phoebe edo Dj Der maisuak ere.

Olivia / Fotografía: Sharon López 

10. Indarberritzeko geldialdia eremu gastronomikoan; gutizia guztiak asetzeko aukera izan dugu, askotariko eskaintza aurki daitekeelako aurten handiagoa den eremuan.

11. M83 taldearen eztanda. Frantsesek dantza, salto, irri eta negar eginarazi eta, batik bat, sentiarazi egin diete bertaratutako guztiei ordubeteko set-ean, Midnight City hit-arekin Kobetamendi dar-dar batean utzita.

M83 / Fotografía: Sergio Albert 

12. HAAIren set-a hipnotikoa izan da BASOAn, eta dantza-pista trantze-egoeran izan du testura eta sentsazioekin etengabe jolastuz, jaialdiko agertoki berezienetako baten omenaldi modura; bertatik igaro dira, gaur, Violet, ANZ edo Call Super ere.

HAAI / Fotografía: Sharon López 

13. Inoizko ediziorik erosoena. Izan ere, aurten, muino formako anfiteatro naturalak inoiz baino protagonismo handiagoa izan du, askoz hobeto ikusten zelako soinu- eta argi-dorreak alboetan jarrita.

Fotografía: Dosis 

14. The Chemical Brothers taldeak ekaitz elektrikoa ekarri du, show ikusgarria eskainiz maila guztietan, bai soinuari dagokionez, bai alderdi bisualari dagokionez, eta sintetizadore indartsuen, gitarra psikodelikoen eta neoizko argien urakan batean harrapatu dute Kobetamendi.

The Chemical Brothers / Fotografía: Sergio Albert 

15. Bilbao BBK Live jaialdiko bonuak agortu dira, baita larunbateko sarrerak ere. Bihar ostiraleko txartelak soilik geratzen dira salgai, hemen.

Amaitu da, horrenbestez, jaialdiko lehen egun hau, hurrengo bi egunetan etorriko denarekin gozatzeko irrikaz utzita. Artista erreferenteek eta dena eman duten ikus-entzuleek muga oso goian jarri dute Bilbao BBK Live jaialdiaren biharko (uztailak 7, ostirala) eta etziko (uztailak 8, larunbata) programazio ikonikorako, Bilbok duen onena eskainiko baitigu musikaren, gastronomiaren, espazioaren eta giroaren bitartez.