Bilbao BBK Live jaialdirako bidean aurrera, bigarren geldialdia: Herrian Mungia
Herrian Mungia ekimeneko programazioari esker, kaleak musikaz beteko dira, egunez eta doan, besteak beste, Lendakaris Muertos, Potato, Sex Museum, Los Niños Jesús (Jordi Évoleren taldea), Alai, Ana Curra edo Ben Yart taldeen kontzertuekin
Aurreko larunbatean 1.500 lagun baino gehiago bildu ziren Herrian Lekeitio ekimen arrakastatsuan eta, oraingoan, jaialdiaren soinuak kostaldetik mendialderantz abiatuko dira, Mungian izango baita ekainaren 10ean
Bilbao BBK Live jaialdiaren esperientzia eta espiritu berezia zabaltzen jarraitzen dugu, Herrian Mungia eta Herrian Lekeitio ekimenetako programazioaren bitartez; ekimen hori BBKren eta Fundación Industrias Creativas fundazioarenarteko elkarlanaren emaitza da, zuzeneko musika publiko guztiengana hurbiltzea xede duen proposamen irekia eginez, musikarekin, kulturarekin eta aniztasunarekin duten konpromiso sendoaren adierazgarri. “Ekimenaren helburua esperientzia paregabea sortzea da, jaialdiaren mugak gainditu eta aldaketa sozialaren nahiz kultur aberastasunaren katalizatzaile bihur dadin”, azaldu du Gorka Martínezek, BBKren zuzendari nagusiak, “emanaldi guztiak egunez izanik, eta doan.”
Herrian ekimenaren hurrengo edizioa larunbat honetan izango da, ekainaren 10ean, egunez, hau da, 13:00etatik 23:00etara bitarte, herrian sakabanatutako hiru agertokitan: Matxin Enparantzan, Foruen Plazako Kioskoan eta Uriguen Parkean.
14 artista arituko dira Herrian Mungia ekimenean, musikari berriak eta ibilbide luzeko artistak uztartuta, jaialdian biltzen diren genero eta estilo desberdinen isla. Beteranoen artean, Lendakaris Muertos punkiak, Sex Museum Malasañako rockeroak, Potato gasteiztarren reggae eta ska doinuak edo rock siniestroa egiten zuen Parálisis Permanente talde ikonikoko abeslari izandako Ana Curra. Baina proposamen berrien freskotasunak ere izango du tarterik, hala nola Los Niños Jesús Jordi Évole kazetariaren taldea, GOXUA’N’SALSA taldearen erritmo euskal kolonbiarrak, Los Saxos del Avernoren aldaka-mugimendu etengabea, Kyneren rap elektronikoa, Ezpalak talde gipuzkoarraren laurogeita hamarreko hamarkadako rocka, edo Alairen doinu folklorikoak. Eta ezin ahaztu artista urbanoak ere, hala nola Ben Yart, Hofe x 4:40, Bengo eta Ezezez.
Ekitaldira hurbiltzen direnek Bilbao BBK Live jaialdirako sarrerak prezio berezi esklusiboan erosteko aukera izango dute Herrian Mungia ekimenean Foruen Plazako En Bada! tabernan. Bestalde, Bizkaibusen zerbitzuak areagotu egingo dira egun horretan, ekitaldira joatea errazagoa izan dadin.
Ibilbide honetako hurrengo geldialdia ekainaren 17an izango da, larunbatarekin, Bilboko Basurtu auzoan izango baita Hirian.
HERRIAN
Mungia
2023ko ekainak 10
HIRIAN
Basurto, Bilbo
2023ko ekainak 17
BEREZIAK
Bilbo
2023ko uztailak 6, 7 eta 8
BILBAO BBK LIVE
Kobetamendi, Bilbo
2023ko uztailak 6, 7 eta 8